Euskal kultura eta herri kirolak Bilboko Aste Nagusian

Euskal kultura eta herri kirolak Bilboko Aste Nagusian –

Aste Nagusian euskal kultura eta herri kirolei lotutako ehun jardueratik gora izango dira.

Euskal Folkloreak eta Herri Kirolek Zazpi Kaleak izango dituzte agertoki, eta, hala, abuztuaren 17tik 25era, hainbat hitzordu izango dira kaleetan, aukera emanez dantzak, herri-kirolak, Erraldoi eta Buruhandiak, bilbainadak, bertsolaritza, traineruak eta pilota gozatzeko, besteak beste.

Erraldoiek eta Buruhandiek ibilbide desberdinak egingo dituzte egunero-egunero, Euskal Museotik irtenda 11:00etan.

Udalak, emakumeak aintzat hartu guran, hainbat ordezkari eta erakustaldi izango dituzten ekitaldiak antolatu ditu, eta horien artean nabarmentzekoak dira “Ez da kasualitatea”, emakume bertsolariei emango diena ahotsa, eta orobat Emakumearen Eguna Herri Kiroletan, biak ere abuztuaren 22an.

Ehunka ekitaldi eta erakustaldi izango dira Bilboko kaleetan abuztuaren 17tik 25era, egunero eskainiko direlarik hitzorduak dantzekin, Herri Kirolekin, Erraldoi eta Buruhandiekin, bilbainadekin, bertsolariekin, traineruekin eta pilotarekin, besteak beste.

2019ko Aste Nagusiko euskal kulturaren inguruko ekitaldien egitarauak Zazpi Kaleak izango du gune nagusia: bederatzi egunean, era guztietako erakustaldi, alarde, kalejira eta ezin konta ahal ospakizun izango dira-eta. Hala, Itziar Urtasun festetako zinegotziak adierazi duenez, kultura eta aisialdi eskaintza doakoa da, kalitatezkoa, jaia eta tradizioa batzen dituena, bisitariek ere gertutik ezagutu ahal izan dezaten Euskadiko folklorea“. Aste Nagusia nazioarteko jai bat da, askotarikoa, herrikoia eta parte hartzekoa, eta Udalak erakusten du dibertsioaren alde dagoela, eta euskal kulturaren balioa agerira ekartzearen alde ere bai. Gure ustean, garrantzitsua da gure tradizioei eustea, zaintzea eta haietatik ikasten jarraitzea, gure umeek ere aukera izan dezaten gure kulturaren eta gure ohituren historia ezagutzeko, jaiak ospatuz eta gozatzearekin batera, nabarmendu du Jaietako zinegotziak.

Euskal kultura eta herri kirolak Bilboko Aste Nagusian.

Kultur plan bat egunero

Txistulariek eta dultzaineroek iratzarraraziko dute Uria goizero-goizero, 10:00etan –beti ordu-orduan–, eta Bilboko Zazpi Kaleetan zehar ibiliko dira: jaietako egunak luzeak izaten dira, eta protagonista ugari izaten da bere txanda eskatzen.

Begi bat goian eta bestea erne kolpea saihesteko, ez da beste misteriorik Aste Nagusiko protagonista handienez (adiera estu-estuan, gainera) ahalik eta gehien gozatzeko, alegia, erraldoiez, eta, jakina, buruhandi ezin hutseginezko eta bihurriez. Haietako zortzirekin batera egingo diren pasierek girotuko dituzte jaietako goizak Urian. Pertsonaia antzina mitologiko eta orain usadiozkoagoen segida 11:00etan abiatuko da Euskal Museotik, eta hainbat ibilbide egingo ditu, egunero bat desberdina, bi orduan zehar.

Bertsolariei txanda emango diete, eta Santiago Plazan jardungo dira haiek, 13.00etan; ordu horretan bertan bilbainadak izango dira, Bilbotarrak taldearaen eskutik, Zazpi Kaleetako kaleak girotuz.

Arratsaldeetan, 19.00etatik aurrera, dantzak izango dira Plaza Berrian. Giroa prestatuko dute gaueko kontzertu eta ikuskizunetarako, hala nola su artifizialak.

.

Emakumeak programazioan

Aste osoan segida etengabean izango dira era bateko eta besteko herri-kirolak Arriaga Plazan, pilota-partidak Erripako pilotalekuan, Bilboko Uria Estropaden XLII. aldia, eta Emakumeen Bilboko IV. Ikurriña Emakumeen Ligako Estropada. Izan ere, Bilboko Udalak, aintzat hartu nahi du emakumeek euskal kulturan izan duten lekua, eta ordezkari ugari izango dituzte Aste Nagusiko egitarauan.

Besteak beste, abuztuaren 22an, ostegunean, “Ez da kasualitatea ekitaldian emakume bertsolariek izango dute ahotsa, Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal eta Aissa Intxaustirekin; halaber, abuztuaren 22an, Emakumeen Eguna Herri Kiroletan ospatuko da; abuztuaren 24an, Emakume Pilotarien Eguna; edo, Emakumeen Bilboko IV. Ikurriña 2019, abuztuaren 24an, Emakumeen Traineruen Ligako Estropada.

.

Euskal dantzak eta Larrain-dantza handia

Arratsaldeak, dudarik gabe, dantza-erakustaldi eta alardeetarako dira. Egunero, abuztuaren 18tik 25era, 19:00etan, Plaza Barrian, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik, Bizkaiko leku batetik eta bestetik etorritako taldeen dantza-emanaldiak eskainiko dira.

  • Abuztuaren 18an, domekan: Zerutxu (Markina-Xemein)
  • Abuztuaren 19an, astelehenean:Goialde (Erandio)
  • Abuztuaren 20an, martitzenean: Gaztedi (Santutxu)
  • Abuztuaren 21ean, eguaztenean: Salbatzaile (Kastaños)
  • Abuztuaren 22an, eguena: Alkartasuna (Bermeo)
  • Abuztuaren 23an, barikuan: Urdaibai (Forua)
  • Abuztuaren 24an, zapatuan: Mikel Deuna (Iurreta)
  • Abuztuaren 25ean, domekan: Beti Jai Alai (Basurto)

Sail honetan unerik arrakastatsuenetako bat abuztuaren 20an izango da, martitzenagaz, Larrain-dantza ospetsuaren inguruan: parte hartzeko gonbita egiten da, egokierarako ondo jantzita etortzeko dei eginez guztiei: “Zatoz zure jantziarekin”.

Euskadiko dantzarik errotuenetako bat da. Dantza kalejira batekin hasten da, eta dantzariak agerira ateratzen dira plazaren erdira, elkarri eskutik ebatuta katea osatuz. Bikoteka, batak eta besteak zapi bati eusten diotela, biribil bat osatuz egiten dute dantza, fandango bizi-bizia, valsa eta kanta bat elkarren segidan lotuz, betiere biribila desegin gabe ibiliz, eta arian-arian erritmoa motelduz. Ondoren jota dator, biribila desegingo duena, eta dantzariak elkarri begirako bi lerrotan paratuko dituena, batean gizonezkoak, bestean emakumezkoak. Joten ostean, bolerak, eta hala amaitzen da gorteatzea; amaitzeko, kalejira egiten da ostera ere, eta dantzariek agur esaten diote plazari.

.

Txistulari, dultzainero, fanfarre eta bilbainaden konbinatua

Txistulariak eta dultzaineroak Zazpi Kaleetan zehar ibiliko dira goizero 10.00etatik aurrera; baditu 30 urte baino gehiago usadio honek, eta unerik gorena izango dute abuztuaren 25ean, 13.00etan, Plaza Barrian, Txistularien Alardearekin. Bilboko Txistularien Udal Bandaren laguntzarekin, Garikoitz Mendizabal dutela gidari, kontzertu bat emango dute José Rafael Pascual Vilaplana, Zarama taldeko Roberto Moso eta Egan talde mitikoko Xabier Saldiasen zuzendaritzapean. Euskal Herriko Txistulariak, Metal Boskotea, San Antón Abesbatza eta Xabi Aburruzaga izango dituzte laguntzaile, besteak beste.

Goizetan, Udal Musika Bandaren emanaldiak izango dira, egunero-egunero, 12.00etatik aurrera, Areatzako Kioskoan, eta baita Bilbainadak ere, 13.00etan, Bilbotarrak taldearen eskutik, zeinak 20 urte baino gehiago baitaramatza Zazpi Kaleak alaitzen, tabernaz taberna, giro ezin hobea sorraraziz. Bilbainadetarako beste gune bat Kasilda Iturrizar parkea izango da. Bilboko Udalak, hala, zortzi kontzertu programatu ditu, parkea kanta herrikoiez betetzeko egunero-egunero eguerdietan.

Fanfarreak, ostera, ezin huts eginezkoak jaietan, hainbat izango dira Aste Nagusian: Dunbots eta Ardua Barrura, abuztuaren 23an, barikuan, eta abuztuaren 24an, zapatuan, 13.00etatik 14.30era, Ledesma eta Diputazio kaleetan; 19.00etatik 21.00etara, berriz, Zazpi Kaleetan zehar.

Abuztuaren 23an, barikuan, 13.00etatik aurrera, Arriaga Plazatik abiatuko da XXI. Albokarien Tropela kalejira: hogeita hamar kide baino gehiago, albokari, pandero-jotzaile eta Euskal Herriko musika-tresna batzuen eta besteen jotzaileen artean, ibiliko dira kaleetan zehar Aste Nagusiko Egun Handian.

.

Erraldoi eta buruhandiekin goietan ibiliz

Pertsonaia antzina mitologiko eta orain usadiozkoagoen segida 11.00etan abiatuko da Euskal Museotik, eta hainbat ibilbide egingo ditu, egunero bat desberdina, bi orduan zehar, 13.00ak arte.

Dudarik gabe, haurrek eta familiek ez dute huts egingo, ordu-orduan agertuta zortzi erraldoien eta buruhandien segidarekiko hitzordura (erraldoiak 4 metro baino garaiago dira), eta haiek bihurrikeriekin eta dantzekin alaituko dituzte hurbiltzen zaizkienak. Bestalde, Bilboko Udalaren Bilbao Aste Nagusia 2019 aplikazio ofizialak aukera emango du kalejiraren ibilbidea zuzenean jarraitzeko, eta, hortaz, nahinon haiekin bat egiteko.

Unerik zirraragarrienetako bat abuztuaren 25ean izango da, jaietako azken igandean, Erraldoien 30. Elkarretaratzea ospatuko delarik, Euskadiko hainbat lekutatik etorrita ordezkariak. Plaza Biribiletik abiatuko dira 10.30ean, eta Areatza izango dute topagunea, 13.30ean: Euskadiko leku batetik eta bestetik etorritako erraldoien ordezkaritza bat izango da.

Dena den, Aste Nagusi osoan zehar, nahi dutenek aukera izango dute Erraldoiak eta Buruhandiak ikusteko Euskal Museoko klaustroan, doan; irailaren 15era arte izango da haiek ikustera joateko aukera.

Euskal kultura eta herri kirolak Bilboko Aste Nagusian

Bertsolariak jardungo dira Santiago plazan

Santiago plazan, egunero-egunero, 13.00etatik aurrera, bertsolariak arituko dira, punta-puntakoak: jardunaldi gorena abuztuaren 22an izango da, “Ez da kasualitatea goiburuarekin, emakumeak baizik ez direlarik arituko bertsotan: Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal eta Aissa Intxausti, hain zuzen.

Bertsolarien agenda hau izango da:

  • Abuztuaren 18an, domekan: Amets Arzallus, Miren Amurriza, Arkaitz Estiballes, Julio Soto
  • Abuztuaren 19an, astelehenean: Fredi Paia, Unai Agirre, Iñaki Viñaspre, Etxahun Lekue
  • Abuztuaren 20an, martitzenean: Beñat Gaztelumendi, Ibon Ajuria, Xabat Galletebeitia, Aitor Sarriegi
  • Abuztuaren 21ean, eguaztenean: Onintza Enbeitia, Igor Elortza
  • Abuztuaren 22an, eguenean: Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal eta Aissa Intxausti.
  • Abuztuaren 23an, barikuan: Andoni Egaña, Sebastian Lizaso
  • Abuztuaren 24an, zapatuan: Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Oihana Iguaran
  • Abuztuaren 25ean, domekan: Jone Uria, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Sustrai Colina

.

Herri Kirolak ezagutzeko, gu ezagutzeko

Euskal Folklorea eta Herri Kirolak dira Aste Nagusian urtero-urtero ezin hutseginezko bi hitzordu handi. Bilboko Udalak, Euskal Herriko kirola, jatorriak eta usadioak ondo-ondo zaintzeko asmo horretan, egitarau bete-betea prestatu du, euskal kirolaren hainbat erakustaldi eta lehiaketarekin. Kultur programazioaren kasuan bezala, asmoa da, eragiteaz gain, aukera ematea bisitariei Euskadiko historia eta ohiturak ezagut ditzaten.

Abuztuaren 21ean (eguaztenean) hasi eta abuztuaren 24ra arte, eguerdietan, 12:00etan, Arriaga plazan (aurten izango da estreinako aldia plaza horretan), herri-kirolen modalitate guztiez gozatzeko aukera izango da (harri-jasotzaileak, txinga eroatea, aizkolaritza, sokatira, gizon eta andra probak….), eta hainbat izango dira une gorenak. Besteak beste, aizkolari eta harri-jasotzaileena, abuztuaren 21ean, eguaztenean: Emakumeen Eguna Herri Kiroletan, abuztuaren 22an, eguenean; txinga eroatea (errekorra egiteko saioa izango da), herri kiroletako bost modalitatetako desafioa eta gizon probak (zazpi indartsuk osatutako talde bat saiatuko da Erandioko harriarekin), abuztuaren 23an; amaierako ekitaldia Bilboko Uria Lehiaketa izango da, herri kirolen sei modalitatetakoa, abuztuaren 24an.

.

Pilotalekua, betiko aukera

Abuztuaren 23an, 24an eta 25ean Joko Alai BBK Tour delakoa izango da: hiru egunez, Erripako kaia (Villarias kalearen ondoan) pilotazalez beteko da, Pilotaleku eroangarri batean. Barikuan, abuztuaren 23an, 17.30ean, gizonezkoen senior mailako lehiaketako partidak izango dira. Abuztuaren 24an, arratsaldean ostera ere, emakumezkoak izango dira protagonista, emakumezkoen senior kategoriako partidekin.

Egun horretan, 2019ko Aste Nagusiak Emakume Pelotarien Eguna ospatuko du, kirol horretan jarduten diren emakumeak ageriagora ekartzeko. Goizean, eskola-adineko neskek esku-pilotako partidak jokatuko dituzte, eta, arratsaldean, Aste Nagusia Joko Alai Woman BBK Tour” txapelketa izango da. Amaitzeko, jaietako azken egunean, abuztuaren 25ean, 11.30ean hasita, Bizkaiko klubetako eskola-adineko neska-mutikoen arteko pilota-partidak eta Bizkaiko klub batzuetan eta besteetan federatutako pilotari beteranoen partidak jokatuko dira.

.

Traineruak, bi estropada lehenengo domekan

Azkenik, traineruak izango dira ostera ere itsasadarrean Aste Nagusian. Udalak antolatu ditu Deustuko Arraun Elkartearekin batera bi estropada, abuztuaren 24rako. Lehenengoa Emakumeen Ligako Bilboko IV. Ikurrina 2019 estropada izango da, 11:00etan, eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Kantabriako hamaika traineru lehiatuko dira. Geroago, 11.30ean, Bilboko Uria Estropada egingo da, aurten XLII. aldiz.

.

Bilboko Udaleko webgunetik moldatutako berria.

Euskal kultura eta herri kirolak  Euskal kultura eta herri kirolak Euskal kultura eta herri kirolak  Euskal kultura eta herri kirolak  Euskal kultura eta herri kirolak Euskal kultura eta herri kirolak Euskal kultura eta herri kirolak  Euskal kultura eta herri kirolak Euskal kultura eta herri kirolak Euskal kultura eta herri kirolak  Euskal kultura eta herri kirolak Euskal kultura eta herri kirolak  Euskal kultura eta herri kirolak  Euskal kultura eta herri kirolak Euskal kultura eta herri kirolak Euskal kultura eta herri kirolak  Euskal kultura eta herri kirolak Euskal kultura eta herri kirolak