Bilboko Kale Nagusia dantzariz beteko da igandean
Bilboko Kale Nagusia dantzariz beteko da igandean –
Bizkaiko Dantzari Egunean 80 taldetako dantzariak batuko dira Kale Nagusian. Plaza Biribila eta Moyua plaza bitartean adin guztietako 3.500 bat dantzari ikusteko aukera izango da.
Etxebarria parkean edota Botikazarreko zabalgunean –IMQ klinika eraiki baino lehen– egin izan da orain baino lehen Bizkaiko Dantzari Eguna, 10 urtero behin Bilbori dantzarien jaialdia bere lurretan hartzea egokitu zaionean. Azkenengoz, duela lau urte izan zen. Oraingo honetan berriz, Bilboko erdigunean elkartuko dira Bizkaia osoko 80 dantzari talde. “Hiriko bihotzean“, Jose Mari Oiarzabal Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko presidentearen esanetan. “Garrantzitsua eta polita da Bilboko Kale Nagusian dantza egitea”, eta kokapenak azken urteetan baino talde gehiago erakarriko ditu hitzordura. 70 bat izan dira aurreko urteetan. 80 izango dira igandean. Guztira, 3.500 dantzari inguru elkartuko dira.
Kokapena estrategikoa bada ere, desabantailak ere baditu Kale Nagusiak. Futbol-zelai batekin alderatuta, leku guztietatik ez da ondo ikusiko. Baina, “beste gauza asko egiteko aukera ematen du”, eta aukera horiek aprobetxatuko dituzte Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko lagunek. Are gehiago, trafikorik gabe. Izan ere, igandean, trafikoa ebaki egingo dute Kale Nagusian, Plaza Biribila eta Moyua plaza bitartean.
Egun berezia izan ohi da Dantzari Eguna. Umeentzat ondo pasatzeko eguna, irakasleentzat ardura eguna eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko lagunentzat nerbio eguna. Jose Mari Oiarzabalek azken bi asteak urduri daramatzala aitortu du, federazioko gainerako kideek bezala. Eskerrak emateko beharra sentitzen du igandeko hitzordua prestatzen lagundu dutenei –Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, hedabideak…– eta, era berean, dantza tradizionalari bizirik eusten dioten dantza taldeetako kideei eta federazioan lanean dabiltzan kideei, “etxekoak izanagatik askotan ahaztu egiten direlako”.
.
Aurtengoa berezia
Joan den otsailean hildako Jon Pertika dantza maisua izango du gogoan modu berezian igandean Jose Marik. Izan ere, hutsune handia utzi du Pertikak Bizkaiko Dantzarien Biltzarrean. Horregatik dio aurtengoa “berezia” izango dela: “Jon gabeko lehen Dantzari Eguna izango da. Bera ez da egongo, baina bere sentimendua hortxe izango dugu guk bihotzean”.
10.00etan elkartuko dira Areatzan dantzariak, azken ikutuak eman ostean, 11.00etan kalejiran Plaza Biribilerantz abiatzeko. Errepertorio klasikoa prestatu dute: Dantzari Dantza, Gipuzkoako Dantzak, Txulalai eta Joko Dantzak, Ibarzabaleko arku dantza, Eltziegoko dantzak, Gorulariak, Jauziak eta Kaixarranka. Amaitu, Larraindantza dantzatuz amaituko dute. Dantzariez gain, ikusleek ere parte hartzeko aukera izango dute Larraindantzan.
11.00etatik aurrera folklore azoka izango da Areatzan eta arratsaldean, 16.30ean, Luhartz taldearen erromeria. Gustuko du Jose Marik arratsaldeko erromeria, “hiru belaunaldi elkarrekin dantzan” ikusteko aukera ematen duelako.