Guernica oinarri dela egindako artelanak, Bakearen Museoan
Guernica oinarri dela egindako artelanak, Bakearen Museoan
“Guernica” oinarri dela Ron Englishek egindako artelanak ikusgai, Bakearen Museoan.
Pablo Picassoren obra ezaguna behin eta berriro interpretatzen du Englishek, kritika soziala egiteko. Artista amerikarraren 25 artelan ekarri dituzte Gernikara, urriaren 29ra arte.
Pablo Picassok 1937an marraztutako “Guernica” koadroan oinarrituta, ehun artelan inguru sortu ditu Ron Englishek. Gehiagorako lekurik ez dagoenez, horietatik 25 daude ikusgai Gernikako Bakearen Museoan, “Guernica barriro imajinatuz” izeneko erakusketan. Urriaren 29ra arte ikusi ahal izango da.
Kritika eta salaketa daude Englishen obren atzean. “Guernica” lanean ageri diren pertsonaiak erabiltzen ditu bestelako esangura batzuk emateko eta gaur egungo munduari begiratzeko. Gerrak salatzen ditu artista amerikarrak. Bestetik, kulturaren eta ekonomiaren alorretan jazoten diren inbasioak salatzen ditu. Amerikarren markek mundu guztia hartu dutela eta gizartea ia konturatu ere ez dela egin dio.
Street Art estiloarekin bat egiten du Ron Englishek eta olio pinturetan espezialista da. Kaleko hormetan sortutako obrak egin izan ditu, azken aldian museoetan eta arte-galerietan ere lanean hasi den arren. Mendebaldeko kultura garaikidearen ikonoak, pop erakoak, sarri erabiltzen ditu, baita irudi historikoak ere.
Bakearen Museoak aspalditik ekarri nahi izan du Englishen obra Gernikara, uriaren historiarekin lotuta dagoelako. Une aproposa da erakusketa antolatzeko, apirilaren 26an 80 urte beteko direlako Gernika bonbardeatu zutenetik. Eraso hori izan zen Picassoren koadroaren inspirazioa.
Picassoren koadro ezaguneko irudiekin batera, kultura garaikidetik hartutako beste batzuk ere erabiltzen ditu Englishek bere obretan. Esaterako, telebistako pertsonaiak, Estadu Batuetatik datorren kultura inbaditzailearen inguruan ohartarazteko. Modu horretara, “Guernica”-ren berrinterpretazio deigarriak sortzen ditu.
.

