Ingeniariak – Deustu estropada

Ingeniariak – Deustu estropada –

Datorren apirilaren 12an, Ingeniariak – Deusto 39. estropada jokatuko da Bilboko itsasadarraren uretan. Estropada hau 1981ean sortu zen, Bilboko Ingeniaritza Eskolak Deustuko Unibertsitateari egindako erronka baten ondorioz.

Ingeniariak - Deustu estropada

Ordutik, Bilboko itsasadarraren urek bi unibertsitateen arteko estropada-lehiaketa hau hartu izan dute, erabat amateurra dena. Gaur arte, Deustuk 24 garaipen lortu ditu, besteak beste, iazkoa; Ingeniariek, ordea, 14 eskuratu dituzte.

Aulki mugikorreko ontzian lehiatuko dira, zehazki, lemazaindun zortziko outrigger modalitatean. Ibilbidea lau milia nautikokoa izango da, hau da, 7.408 metrokoa. Norgehiagoka arratsaldeko seietan hasiko da. Orduan, arraunlariak Erandioko Altzagatik irtengo dira Bilboko Udaletxearen parera iritsi arte, helmuga bertan egongo baita. Ibilbidea sei zuzen nagusik eta bost bihurgunek osatuko dute.

Aurtengo estropada apirilaren 12an, ostiralean 19.00etan, egingo da. Kuriositate gisa, estropadaren errekorra Deustuko tripulazioak hautsi zuen 2016an, ibilbidea 22 minutu eta 14 segundotan egitea lortu zuenean. Aitzitik, denborarik luzeena 1987an erregistratu zen: Ingeniariek 30 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten ibilbide osoa egiteko. Historian zehar, Ingeniarien eskolako 148 arraunlarik eta Deustuko 106 arraunlarik parte hartu dute proban.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak itsasadarraren bazterretara etortzera animatu ditu herritarrak, hiribilduan tradizio handia duen kirol-proba honetaz eta ibilguaren ingurumen-berreskurapenaz gozatzera etor daitezen. Berreskurapen hori 1979an hasi zen, Ur Partzuergoak Bilboko metropoli eremuko Saneamendu Plan Integrala martxan jarri zuenean. Plan horrek 1.200 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarri zuen eta EAEn egindako ingurumen-proiekturik garrantzitsuena izan da.

.

Bilboko Uriola agerkaritik jaso eta moldatutako berria.
Ingeniariak – Deustu