Lea Artibai Ondarea, inguruneari lotua

Lea Artibai Ondarea, inguruneari lotua –

Baserritarren lankidetzatik sortua, Lea Artibai Ondarea markak sorburu duen eskualdeari egiten dio gorazarre, eta kalitatearen apustu garbia eginda, hogei urteko lan eskergaren poderioz ezagun egin du bere sagardoa Bizkaia osoan. Ekoizleei eskaintzen diegun txokoan, Laneko kooperatibako arduradun Aitor Intxaurragarekin egin dugu berba.

Gabon buelta probestu genuen Intxaurragarekin berba egiteko. “Gabonak ez dira bereziak gurean, salmentei dagokionez, gure produktua ez da Gabonetakoa-eta -ez bada karakoletarako bizkaitar saltsa eta piper txorizeroa-. Baina egia da Santomasekin zoratuta ibiltzen garela, eta jada sagardo berria ere prestatzen ari garela. Gainera, udan ezin opor lar hartu, abuztuan lan handia dugulako, eta orain neguan hartzen ditugu”.

Lea Artibai Ondareaz galdetuta, hogei urte atzera egin eta kooperatiba aurkeztu zigun ekoizleak, gogoa kooperatibaren sorrerara eramanda.

Lea Artibai Ondarea, inguruari lotua
Inguruko azoketan zuzeneko salmenta ere egiten du Laneko kooperatibak.

“1995ean sortu ginen Lea ibarrean, eta Gizaburuagako Okamika industrialdean gaude ordutik. Sagarra eta ortuariak ekoizten zituzten inguruko baserritarren soberakinei irtenbidea ematea genuen hasierako asmoa, zuzenean saldu ezin zirenei. Gainera, sagardoa egiten zuten baserrietan ikusi zuten inbertsio handiak egin beharko zituztela, eta hortik etorri zen batzea, pentsatuta egokia izango zela toki fisiko bakar batean egitea bakarrik inbertsio horiek; elikagaiak saldu aurretik bertan eraldatzeko”.

Laneko kooperatibak 14 bazkide ditu egun, sagar eta ortuari ekoizleak, eta bazkideen ekoizpenez gain inguruko baserritarrei ere erosten diete elikagaiak. Sagarrekin sagardoa, zukua eta sagar dultzea ekoizten dute, eta ortuariekin kontserbak, besteak beste. Baserritarren kezkatik sortua, zuzenean sal ez zitekeen edo soberan zuten elikagaia transformatu eta balio erantsiarekin saltzeko aukera ematen die kooperatibak bertako bazkideei.

.

Programa pilotuak eskoletan

Hasiera batean sagardoa saltzen zuten gehien, baina “egia esan gure produkzioan gero eta garrantzia handiagoa hartu dute kontserbek”. Labore kooperatiban, egun, 50.000 litro inguru sagardo ekoizten dituzte, eta gainera, sagar dultzea, marmeladak, eta kontserbak, barazkienak (tomate natural eta frijitua, piper txorizeroen mamia, bizkaitar saltsa) eta lekaleenak (babarrun zuri eta gorria, garbantzuak… “Esan behar da orain bi marka ditugula, Lea Artibai Ondarea bata, hasierakoa, eta geroagoko premia batetik sortu genuen Labore, ikustean kontserbak egiteko aukera zegoela baina ez lehengaia. Marka honekin ekoizten ditugu, adibidez, marrubi eta melokotoi marmeladak, gure inguruan ez ditugun fruituenak”.

Izan ere, Bizkaia du merkatu naturala Laneko kooperatibak, eta ekoizten dituen produktuei dagokienez ere jatorriari ematen dio balioa. “Eztabaida hori izan genuen, batetik mugatu egiten gintuela-eta. Baina beste aldetik, beti izan dugu gure inguruarekin eta baserritarrekin lotuta gaudela, eta horrexegatik aukeratu genuen, hain zuzen ere, marka izena: Lea Artibai Ondarea”.

Lea Artibai Ondarea, inguruneari lotua“Guk hasieratik egin dugu bertan bertakoa jatearen aldeko borrokan, bertako produktuari bultzada bat eman eta baserria mantentzeko modu bakarra delakoan, eta zorionez, uste dugu egun badagoela horren inguruko kezka”, diosku Intxaurragak, jendartean sortutako bi mugimendu interesgarriren berri eman baino lehen. “Batetik, kontsumitzaile elkarteak, bertako kontsumoa bultzatzen ari direnak, ahal dela ekologikoa eta lurrarekin eta inguruarekin ahalik eta lotuena. Bestetik, eskoletako jantokiak”.

Laneko kooperatiba duela hiru urte hasi zen Gernikako Allende Salazar eskolarekin lankidetzan, bertako sukaldea zuzenean kudeatzea lortu baitzuten, eta egun hiruzpalau ikastetxerekin ari dira lanean, “oso pozik, ikasleek janaria eta ekoizlearekin duen lotura baloratzen ikasten dute-eta”.

Aparte, Eroski eta abarrak ere, “ez dakit marketinagatik edo zergatik, baina hasi dira esparru honetan ere mugitzen”. Laneko kooperatibak, hain zuzen ere, denda txikietan ez ezik saltoki handietan ere saltzen ditu ekoizten dituen jakiak -banatzaile propioa dute-; “eta salmenta zuzena ere egiten dugu, ez asko, baina bai azoka batzuetan: Bilboko Santomas, Gernikako urriko azken astelehena, Abadiñoko Sanblas edo eskualdekoa, Markina-Xemeinen”.

.

Elikagai ekologikoak

Kooperatibaren hastapenak gogoan, “oso zailak izan ziren”, dio Lanekoko arduradunak. “Hasieran dena da berria, bai ekoizpena, bai merkatua…”, eta gainera, sekulako konpetentzia aurkitu zuten, prezio merkeetan. Beraien kasuan, bertako lehengaiekin lan egiteak isla izan behar zuen prezioan, derrigorrean, piper txorizeroa, esaterako, Perutik ekarria baino sei edo zazpi aldiz gehiago ordaintzen dute-eta. “Batzuk ulertzen zuten hori, eta beste batzuk ez. Baina merkatu bat egitea lortu dugu eta baditugu orain hogei urte egindako bezeroak ere, gurekin jarraitzen dutenak”.

Lea Artibai Ondarea, inguruneari lotuaOrain, aldiz, bestelakoak dira zailtasunak. “Administrazioaren aldetik gero eta exijentzia gehiago daude hainbat eta hainbat arlotan, produktu ekologikoak edo jatorri izendapenekoak egitekoa, eta gu bezalako enpresa txikientzako nekeza da. Langile asko dituen lantegi batek izango du langile bat propio zeregin horietarako, baina gure kasuan bost lagun gaude hemen, eta denetik egin behar; aurrera egin ahala gauza berriak ikasten eta egokitzen goaz”.

Laneko kooperatibak produktu ekologikoarekin du lotura, “gure baserritar batzuk ekoizpen ekologikoa egiten dute-eta”. Bizkaian, batez ere, Lea Artibai Ondarea markako sagardoagatik izan da ezagun orain arte, “baina orain piper txorizero mamia, azken urteetan”, izan daiteke salgai duten elikagairik ezagunenetakoa, Bizkaiko saltsa egiteko oinarri bezala erabiltzen dena, Intxaurragaren ustez; “bertako piperrekin egiten dugun bakarrenetakoak izango gara-eta”. Aparte, azken urteetan sagar zukua egiten ere hasi dira, alkoholik gabeko edarietan gero eta eskaera handiagoa dagoela-eta. “Lehengai oso ona dugu, sagardotarako erabiltzen den sagarra, garraztasun puntu oso atsegina duena edateko; eta egia esan, oso harrera ona du”.

“Kalitatearen aldeko apustu garbia egin izan dugu beti -adierazi digu Aitor Intxaurragak, agurtu baino lehen-, eta hor gaude, jendeak estimatzen ditu gure kontserbak”.

Lea Artibai Ondarea, inguruneari lotuaLea Artibai Ondarea, inguruneari lotua Lea Artibai Ondarea, inguruneari lotua Lea Artibai Ondarea, inguruneari lotua