Pott Bandaren 40. urteurrenean

Pott Bandaren 40. urteurrenean, omenaldi-liburua dakar Sorzain argitaletxeak. Jon Kortazar arduratu daPott Banda, ekilibrista bihotza (1977-1980)” lana koordinatzeaz. Hainbat sortzaileren ikuspegitik aztertu dute mugimendu literarioaren ekarpena.

Pott Bandaren 40. urteurreneanBilboko Bidebarrieta liburutegian aurkeztu dute omenaldi-liburua, Pott Bandaren ingurune naturalean, hau da, liburu artean eta Bilbon. Euskal letretan iraultza ekarri zuen Pott Bandak 1977an eta, 1980ra arte, erreferentzia nagusietako bat izan zen literaturan. Bernardo Atxaga, Manu Ertzilla, Jon Juaristi, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde eta Ruper Ordorika izan ziren Pott Bandako sortzaileak.

Hiru urteko ibilbide laburrean goitik behera aldatu zuten euskal literaturaren panorama. Taldea sortu zenetik 40 urtera, omenaldi-liburua plazaratu du Sorzain argitaletxeak. Jon Kortazar izan da koordinatzailea; pertsona aproposa zeregin horretarako: idazlea, euskal literaturan aditua eta Pott Bandakoekin ibilitakoa.

Batez ere, Pott Bandak ondorengo belaunaldietan utzi duen arrastoa aztertzea da liburuaren helburua. Horretarako, Pott Bandako kideen gomutak batu dituzte Kortazarrek eta euskal literaturako beste autore eta aditu batzuek, elkarrizketa bidez: Unai Elorriagak, Harkaitz Canok, Jose Fernandez de la Sotak, Jon Martinek eta Idoia Jauregik.

Horretaz gain, Pott Bandaren ibilbidearen errepasoa egiten da liburuan: Sortu zeneko asmoak, argitaratu zituen sei aldizkariak, bilakaera eta abar. Amaitzeko, euskal kulturako eragile ugariren iritzia batu dute liburuan, bakoitzak bere erara egiten dio omenaldia Pott Bandari: Kirmen Uribek, Miren Agur Meabek, Miren Amurizak, Iratxe Fresnedak, Manex Agirrek, Garbiñe Ubedak eta abarrek parte hartu dute.

Sorzain argitaletxea izen bereko elkarte kulturaletik sortutako proiektu editoriala da. Liburu kritikoak euskaraz argitaratzea du helburu, hizkuntza eta gogoeta bultzatzeko. Irabazi asmo bako egitasmo autogestionatua da. Argitaletxe hasibarria da; “Pott Banda, ekilibrista bihotza (1977-1980)” da plazaratu duten bigarren liburua.

.

Argazkia: Pott Bandako kide Atxaga, Ordorika eta Iturralde, 1970eko hamarkadan (Badok.eus).
Sarrera hau Bizkaie! ataritik jasoa eta moldatua izan da.
Pott Bandaren 40. urteurrenean