Bizkaiko Historiaurreko aztarnak, Arkeologi Museoan ikusgai
Bizkaiko Historiaurreko aztarnak, Arkeologi Museoan ikusgai.
Bilboko Arkeologi Museoa Geuria Merkatuaren parean dago, Mallonako Galtzada hasieran. Apirilaren 30era arte, bertan ikusi ahal izango dira indusketetan aurkitutako 15 objetu, kobazuloetako hartz baten buruhezurra tarteko.
“Atzera begirakoa: “Museoaren atzealdea” izenburuko erakusketan, azken lau urteotan banaka-banaka erakutsi diren 14 pieza daude, “Museoa aztarnaz aztarna” programan erakutsi direnak, hain zuzen. Horiekin batera, aurretik publikoari sekula agertu gabeko beste pieza bat ere badago, Ursus deningeri espezieko hartz eme heldu baten buruhezurra.
Orain dela 100.000 urte desagertu zen Ursus deningeri hartza. Kobazuloetako hartz ospetsuaren aurrekaria da espezie hori. Bilbon erakutsiko dena, Iberiar Peninsulan osorik agertu den espezie horretako buruhezur bakarra da. Karrantzako Ranero kobazuloan aurkitu zuten.
Gainera, Bizkaiko antzinako faunarekin lotutako beste hainbat aztarna batu ditu Arkeologia Museoak erakusketarako. Esate baterako, Kortezubiko Lezika koban orain dela 130.000 urte hildako errinozeronte baten mokor-hezurra.
Gizakien aztarnei dagokionez, sasoi ugaritako objektuak daude. Orain dela 5.000 urte Sopuertako Lacilla koban egindako taldekako ehorzketa bateko aizkorak ikusi daitezke eta baita antzinako hilarriak ere. Oraintsuagoko piezen artean, IV. mendeko txanponak eta XIII. mendeko Ereñozarko gazteluko ezproiak daude. Denporaren kapsula moduan, beste aro batzuetan bizi izan ziren gizakien bizimodua eta pentsakera ulertzeko bidea dira aztarnok, Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu duenez.
Bizkaiko Arkeologia Museoa arduratzen da herrialdean aurkitutako aztarna arkeologikoak batu, aztertu eta zaintzeaz. Material gehiena biltegietan gordetzen da eta lantzean behin baino ez zaio jendeari erakusten. Urte hauetan jasotako 14 objektu horrek ere biltegian egon dira, baina “Atzera begirakoa: Museoaren atzealdea” erakusketari esker ikusi ahal izango dira. Hartzaren buruhezurra orain dela gutxi heldu da museora eta hori ere lehenengoz erakutsiko da.
Apirilaren 30era arte egongo da erakusketa zabalik, egunero, asteartetan izan ezik. Gainera, larunbata eta igandetan Raneroko hartzaren inguruko bisitaldi gidatu monografikoak antolatuko dira.
.

