Zinebiren sail ofizialean 62 pelikulek parte hartuko dute
Zinebiren sail ofizialean 62 pelikulek parte hartuko dute
Ernesto del Rio jaialdiko zuzendariak adierazi duenez, zinemagintzaren munduko gaur egungo joerak eta berritasunak erakustea da Zinebiren, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren helburu nagusia. Horregatik, zinema-aretoen eta telebistaren zirkuitutik aparte geratzen diren kalitatezko lanak ikusteko aukera paregabea dela dio.
Dagoeneko 59. edizioa beteko du aurten Zinebik eta, Del Ríorekin batera, Luis Egiraun programatzailea eta Nekane Alonso Bilboko Udaleko zinegotzia egon dira aurkezpenean.
Antolatzaileek aukeraketa zorrotza egin behar izan dute: 3.100 proposamen baino gehiago jaso zituzten eta denentzako lekurik ez dago. Hori bai, Ernesto del Ríok dio jaialdirako aukeratutako film guztiak oso onak direla. Sail ofizialean, esate baterako, 62 pelikula lehiatuko dira. Sari Nagusia, Euskal Zinemearen Saria, Espainiakoa, Latinoamerikakoa, urrezko eta zilarrezko Mikeldiak dira palmareseko sari nagusiak. Azken hauek hiru kategoriatan emango dira: dokumentala, film laburra eta animazioa.
Epaimahaian hauexek egongo dira: Ivan Arguello, Guadalupe Echevarria, Renata Gasiorowska, Peter Suschitzky eta Lola Mayo. Nazioarteko boskotea, sail ofizialeko pelikulen zerrenda ere halakoa delako.
Euskal zinemagintzak ere badauka leku nabarmena sail nagusian, sei euskal film lehiatuko dira eta: Plágan (Koldo Almandoz), Una sinfonía en silencio (Aitor Gametxo), Lo-ibiltariak (Iñigo Salaberria), Areka (Begoña Vicario), Aprieta, pero raramente ahoga (David Pérez Sañudo) eta Zacarías (Violeta Trincado).
Horretaz gain, Bertoko Begiradak atalean ere Euskal Herrian egindako filmak ikusi ahal izango dira. Lehiaketan zein lehiaketaz kanpo ikusiko diren pelikulen artean, euskal musika onenaren, euskal gidoi onenaren eta euskal zuzendaririk onenaren sariak emongo dituzte, SGAErekin elkarlanean. Pedro Riverok, Joanes Urkixok eta Aránzazu Callejak erabakiko dituzte sari horiek. Azken honek, gainera, Bilbao sinfonía lana aurkeztuko du, emanaldi berezian. Zinebik produkzioan lagundu du.
Zinebindustry atalean, ostera, Euskal Herriko ikus-entzunezko industriaren sektorearen garapenari laguntzeko topaketak eta jarduerak eratuko dituzte. Enpresek, profesionalek eta adituek elkar ezagutzeko era izango dute: Herri honetako ikus-entzunezko sektorea bultzatu nahi dugu, adierazi du Luis Egiraunek.
.
Azaroaren 10etik 17ra
Azaroaren 10ean hasiko da Zinebiren 59. edizioa, Arriaga antzokian egingo den ekitaldian. Gala horretan, Alberto Iglesias konpositoreari aurtengo Ohorezko Mikeldi sarietako bat emongo diote, sail ofizialeko euskal film laburren proiekzioekin batera. Amaiera ekitaldian, berriz, Marco Bellocchio zuzendari italiarrari emongo diote beste Ohorezko Mikeldia.
Bilboko hainbat aretotan egingo diren proiekzioetan, beraz, nazioarteko zinemagintzaren lanik berritzaileenak ezagutzeko aukera egongo da, hurrengo hilaren 10etik 17ra. Sasoi bateko zine-klub eta antzekoen giroa berreskuratzeko ere balioko dute saioek, Ernesto del Ríoren ustez. Izan ere, ikus-entzunezkoak kontsumitzeko gaur egungo moduak ukatu barik, areto batera joan, filma patxadaz ikusi eta ondoren albokoarekin partekatzea aldarrikatu du.
Era berean, film laburrak eta, batez ere, dokumentalak, gizartearen konplexutasuna ikusteko formaturik aproposenak direla uste du Del Ríok. Nekane Alonsok gaineratu duenez, dokumentalen eta film laburren tenplu bihurtu da Zinebi, bere alorreko erreferenteetako bat.
Azken buruan, Ernesto del Ríok, hain zuzen ere, Zinebiko zuzendari izateari itxiko dio edizio honen ostean, erretiroa hartu eta gazteei lekukoa pasatzeko. Hemazortzi urte karguan egin dituenez gero, Del Ríok Zinebiri egindako ekarpena txalotu du Alonsok: Gaur egun jaialdi hau denaren oinarriak ipini ditu. Datorren urtetik aurrera, Vanesa Fernandez Gerra izango da zuzendaria.
.
