Ume ta gaztetxoen KILI-KILI aldizkariak 50 urte

Ume ta gaztetxoen KILI-KILI aldizkariak 50 urte

Azpiko argazkia ikusi eta umetan gogo biziz irakurtzen genduan Kili-Kili aldizkaria gogora etortzea, dana bat.

Ume ta gaztetxoen KILI-KILI aldizkariak 50 urteDaborduko 50 urte bete ditu Kili-Kilik, eta Bilboko Euskal Museoak erakusketa bat atondu deutso, datorren bagilaren 26a bitarte Unamuno plazako museoan ikusi ahal dozuena. Hauxe dinoe bertan:

“Kili-Kili diktadurearen amaierako urte ilunetan sortu zan. Hainbeste urtez euskerearen eta euskal kulturearen kimu guztiak goitik behera zapalduta, baztertuta eta zigortuta egon eta ostean, biztualdi baten erdian kokatu behar da.

Lehengo mendearen azkenaldia sasoi bizi-bizia izan zan Bilbo aldean eta batez be San Anton eleizearen inguruan. Hortxe garatu ziran katekesiaz gain, abesbatzak, dantza, antzerki eta mendi taldeak … talde sutsuak danak, euskerearen hauspo eta gure ohituren euskarri. Eta bertan sortu zan Kili-Kili be. Aldizkari baterako izena ematen dauen sei urte adineko haurren pertsonaia. Aldizkaria, proiektu handian bihurtuta, ohi ez bezalako argitaratze-ekoizpen batekin Euskal Herriko txoko guztietara iristen zan.

“Kili-Kili. Euskara pozgarri” erakusketari loturiko jardueren artean, hitzaldia gaur:

  • Gaia: “Kili-Kili barru-barrutik”.
  • Hizlari: Jesus Eguzkiza “Eguzki” (Irrati-esataria), Asier Astigarraga (ikastolako irakaslea) eta Lorea Bilbao (Foru Aldundia).
  • Noiz eta non: Gaur apirilak 21, 19.00etan Bilboko Euskal Museoan (Unamuno plaza).

Aurten egingo ditu 50 urte gure Kili-kili mutikoak. Zenbat ekintza, zenbat argitalpen, zenbat poz-une, zenbat olgeta umeen artean, euskerearen gurpilean. Poztasuna, jolasa eta saria berba adurtsuak dira euskerearen kili-ikasbidean. Hizkuntza pizgarri eta pozgarri izatea da kili-kilitarren helburua, ez zigorkadaka eta azterketaka.

Kili-Kiliren sortzailea, asmatzailea eta arimea, Jose Antonio Retolaza izan da. Euskereak, euskal dantzek, umeek eta umeen munduak liluratuta bizi izan zan, herrigintzan murgilduta. Beragaz eskuz esku jardun eban Lander Gallastegi arkitekto eta irudigileak. Landerrenak dira irudiari lotutako lanak. Estetika berezia eta bereizgarria, fina, ederra daukie Kili-Kiliren lan guztiek, eta hori Landerren eskuari zor jako”.

Labayru Fundazioak, urteurrena ospatzeko, “kili-kiliaren historia batzen dauen bideo bat” ere ekoiztu dau.

Ume ta gaztetxoen KILI-KILI aldizkariak 50 urte