Kontsumo arduratsua, solidarioa eta osasunaren aldetik segurua

Kontsumo arduratsua, solidarioa eta osasunaren aldetik segurua –

BILBOKO KIUB-AK KONTSUMO ARDURATSUA, SOLIDARIOA ETA OSASUNAREN ALDETIK SEGURUA GOMENDATZEN DU “URTARRILEKO ALDAPARI” AURRE EGITEKO

  • Bilboko Udalaren Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) gomendio batzuk proposatzen ditu modu arduratsu eta seguruan kontsumitzearen garrantziaz herritarrak kontzientziatzeko.
  • Erosi aurretik, kontsumitzaileak benetan beharrezko gastua den baloratu behar du eta produktuen edo zerbitzuen prezioak eta baldintzak alderatu behar ditu.
  • COVID-19ren intzidentzia dela eta, erosketetan prebentzio-neurriak mantentzeko eskatzen zaie herritarrei, hala nola, maskarak eta gel hidroalkoholikoa erabiltzea.

 

Kontsumo arduratsua, solidarioa eta osasunaren aldetik seguruaUrtarrila urteko hilabeterik zailenetako bat da etxeko ekonomiarentzat, batez ere Gabonetatik eratorritako eta “urtarrileko aldapa” deiturikoarekin kateatzen diren gastu ugarien ondoren.

Horregatik, Bilboko Udalaren Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) egun horietan kontsumo arduratsu, jasangarri, solidario eta osasunaren aldetik segurua egitearen garrantzia goraipatu nahi die herritarrei.

Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi den Yolanda Diezek kontsumitzaileei “preziotik haratago begiratzeko eta erosketak egin aurretik xehetasun guztiei buruz informatzeko eta galdetzeko” aholkatzen die. Gainera, aurten oso garrantzitsua da, COVID-19a dela eta, kutsadurak ekiditzeko, neurri sanitarioei eustea.

Horregatik, Osasun eta Kontsumo zinegotziak “dendak bisitatzerakoan maskara erabiltzea, pilaketak saihestea eta salgai dauden gaiak ukitu aurretik eta ondoren, gel hidroalkoholikoa aplikatzea eskatu die herritarrei “.

KIUBek emandako aholkuen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Plangintza bat egitea eta kontrol zorrotza eramatea, benetako gastuak zeintzuk diren jakiteko eta erosteko gaitasunak zeintzuk diren zehazteko.
  • Alferrikako gastuak saihestea. Edozein artikulu erosi aurretik, baloratu benetan behar den eta gogoratu aisialdi ez-kontsumista ere badagoela.
  • Bat erabaki aurretik, produktuen prezioak konparatiboki aztertzea.
  • Arduraz gastatzea. Ezinbesteko gastuak, hala nola argi, ur, elektrizitate edo gas zerbitzuetarako gastuak, murriztu egin daitezke kontsumo txikiko bonbillak erabiliz, “Stand by” kontsumoa saihesteko erabiltzen ez diren tresna elektrikoak itzaliz, berogailua pizten denean leihoak ez irekiz edo etxeko edozein gelatatik irtetean argiak itzaliz.
  • Kreditu-txartelek ekonomia doitua mantentzeko kaltegarriak izan daitezkeen zenbait gastu dakartzate berekin.
  • Erabaki egokia izan daiteke “revolving txartel” direlakoak alde batera uztea, hileko kuota finko bat ezartzea ahalbidetzen baitute, erosketak automatikoki atzeratuz, baina kreditua areagotuz. Horiei dagokienez, urtarrilaren amaieran araudi berri bat indarrean jarriko dela nabarmendu behar da, hobekuntzak gehituz kontratazioan, kontratuaren bizitza osoan bezeroari ematen zaion informazioaren gardentasuna areagotzeko eta, horrela, interesak saihesteko.
  • Urtarrilean saltoki askok merkealdiak hasten dituzte, nahiz eta salmenta horiek merkatari bakoitzaren irizpidearen arabera merkataritza-interes handieneko urtaroetan egin daitezkeen. Hala eta guztiz ere, kontu handiz ibili behar da, prezio beheratua edukitzeagatik bakarrik, beharrezkoak ez diren erosketak eragingo dituen bultzada kontsumistak ekidin behar dira. Gainera, kontuan izan behar da beherapena soilik produktuaren prezioei aplikatzen zaiela, ez kalitateari eta bermeari.
  • Era berean, establezimenduak txartelarekin ordaintzea onartzen duen bereizgarriren bat badu, merkealdian ere onartu beharko du, salbu eta agerian adierazten bada kanpoan geratzen dela. Merkatariek ez dute artikulurik itzuli beharrik, akastuna denean izan ezik, baina establezimendu batek urtean zehar itzulketak onartzen baditu, onartu egin beharko ditu merkealdian, kontrakoa argi eta garbi adierazten ez badu. Itzulketak onartzen badira, komeni da beti galdetzea dirua itzultzen den, beste produktu batengatik aldatzen den edo baleak erabiltzen diren, geroko gatazkak saihesteko.
  • Erostea elkarrizketan eta gardentasunean oinarritutako merkataritza-trukeko harremana da. Hori dela eta, beharrezkoa da erosketa-tiketa eskatzea, arazoren bat sortuz gero, baita publizitatea gordetzea ere.
  • Kontsumoko arbitraje-sistemari atxikitako merkataritzaren alde egitea da kontsumo-gatazkak konpontzeko biderik errazena.
  • Dendetara maskararekin joatea, jende-pilaketak saihestea, pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia errespetatzea eta produktuak ukitu aurretik eta ondoren, eskuetan gel hidroalkoholikoa aplikatzea “.

Yolanda Díez Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo zinegotziak gogorarazi du KIUBak ematen dituen zerbitzu guztiak zerbitzu-karta batean jasota daudela, aplikatu beharreko kalitate-arauaren arabera ziurtatuta. “Kontsumoa, kontsumo arduratsu, iraunkor eta solidarioaren ikuspegi hirukoitzetik lantzen dugu eta haien eskubideez jabetzen diren kontsumitzaileak hezi nahi ditugu“.

.

www.bilbao.eus ataritik jasoa.

Kontsumo arduratsua, solidarioa eta osasunaren aldetik segurua