Bilboko Zazpikaleez
Bilboko Zazpikaleez hamaika kontutxo, bertakoa izanda ere agian ez dakizkizunak.
Bilboko alde zaharra Zazpikaleak izenarekin ezagutzen da, halaxe izan baitziren XV. Mendera arte. Ibaizabal du ertz batean, eta Done Jakue katedrala erdian.
- Bilboko Zazpi kaleak hiru baino ez ziren hasiera batean, Goienkale (edo Somera), Artekale eta Dendarikale. Eta 1.442ko agiri batean agertzen dira lehen aldiz zazpien izenak, Belostikale, Harategi Zahar, Barrenkale eta Barrenkale Barrena ere aipatzen dira-eta.
Guztietan zaharrena Somera da, Goienkalea. Bertako etxeen atzeko aldean zegoen Bilboren lehen harresia, sei metro luze eta bi metro zabal ei zena. Erdi Aroan, kaleko denda eta taberna ugarietan elkartzen ziren hiritarrak; gaur egun ere antzera, harresia eta bertan uzten zituzten zaldiak desagertu badira ere. Kale honetan jaio zen, 1806an, Juan Crisostomo Arriaga musikaria.
- Aurreneko hiru kale horietan erdikoa zen Artekale. Aspaldian zilargilez, arotzez eta zapata konpontzailez josita zegoena. Badago bilbainada ezagun bat kaleari (behean duzu bideoa), edo zehatzago, Artekalen zegoen kriseiluari eskainia, 1875ean nafarreria izurritea zela-eta hil zen Dionisia de Onzoñak gehiago olioztatuko ez zuela-eta, itzali baitzen.
- Dendarikalen denda eta tailer txikiak zeuden. 1483An, garaiko kronikek diotenez, kaleak Erriberatik duen sarreran foruei zin egin zien Isabel Katolikoak, bertako baserritar jantzia soinean zuela.
- Urte horretan, 1483an, Zazpikaleak inguratzen zituzten harresiak eraisteko erret-baimena jaso zuen Bilbok. Harresiaren aztarrenak ikus daitezke, oraindik orain ere, Erronda kaleko 12. zenbakiaren parean.
- Bilbo hiribildua zenean, hau da, harresiak inguratua zegoenean, zaintza egiteko ibiltzen zen kaleak Erronda izena hartu zuen. Alde Zaharreko estu eta laiotzenetakoa da. Bertan jaio zen 1864an, 16. zenbakian, Miguel de Unamuno pentsalaria.
Erriberako merkatutik hurbilen dagoen kalea da Belostikale, antzinako garaietan arrandegiz eta sardina saltzaileez mukuru zegoena. Bertan kokatzen da Arana jauregia (bilbaoturismo.net/edificios-emblematicos/arana-jauregia), hirian zutik dirauen zaharrena, XVI. Mendea bukatzear zela eraikia; Errenazimendu berantiarrekoa da, beraz.
- Harategi kalean Bilboko lehen hiltegia zegoen. Kontua da estuegia zela haragia hara eta hona erabiltzeko, eta gainera, zikinkeriak eta kiratsa medio, auzokoen kexen eraginez tokiz aldatu zutena; geroztik Harategi Zahar deitzen da kalea.
- Barrenkalek ardo eta bakailao usaina ei zuen aspaldiko garaietan. Ibaizabal gurutzatzen zuten txalupatxoak bertatik abiatzen zirela kausa, zalaparta eta joan-etorri handiko tokia ei zen. Ondoan dagoen Barrenkale Barrena zen itsasgoren eragina gehien pairatzen zuen kalea; sare-konpontzaile eta angula arrantzaleena. Kale iskanbilatsuak biak ala biak, bai lehen eta bai orain ere.
- Pilota kalea Zazpikaleetatik kanpo dago, Erronda legez, Erdi Aroko ormen kanpoaldean gelditzen baitzen. Behin harresia eraitsita, arrastoak profitatuz frontoia eraiki zuten bertan bilbotarrek, eta horrexek eman zion izena; Pilota Kalea.
- Hiriaren lehen zabalgunea etorri zen gero, eta kale berriak sortu ziren iparraldera, baita Plaza Barria ere. Honen ostean aurkitzen da Askao kalea, eta bertako 8. zenbakian dago, Unamuno plazak Mallonako galtzadaren hasiera duen muturraren eta metro sarreraren ondoan, Geuria Merkatua.
San Tomas ala Santo Tomas? – zuzeu.eus
[…] Santo Tomas Eguna eta zergatiaren gakoa. Egun hau nondik datorren eta hainbat kontu bitxi bertan. Bilboko Zazpikaleez ere badute gustora irakurtzeko moduko beste sarrera […]