Basque Fest, proposamen bikoitza eguneko

Basque Fest, proposamen bikoitza eguneko

Aste Santu bezperarekin batera, atzo abiatu zen Bilboko Basque Fest, egunotan hiriburua kultur ekintza ugariz zipriztinduko duen jaialdia.

“Basque Fest-en xedea gertakizun bakarra, irekia, nazioartekoa izatea da, euskal kulturaren hitzordua, bere zentzu zabalenean. Musika, diseinua, gastronomia, kirola… Tradizioa, berrikuntza, artea, abangoardia… Gure kultura: herrikoa, euskalduna, kosmopolita”. Horrelaxe diote antolatzaileek.

Egitarau zabala prestatu da apirilaren 12tik 16ra bitarte, besteak beste hiriko museo eta erakusketa areto garrantzitsuenen partaidetzarekin: Euskararen Etxea, Euskal Museoa, Arkeologi Museoa, Eleiz Museoa, Guggenheim Museoa, Bilboko Itsasadar Museoa, Arte Ederren Museoa, Rekalde Aretoa eta Azkuna Zentroa.

Azken honetan, esaterako, Azkuna Zentroan, “Ikimilikiliklik, J. A. Artzeren unibertsoa” ikus-entzunezko instalazioa duzue ikusgai.

.

Proposamenak

Gure aldetik, egun bakoitzerako proposamen bikoitza egiten ausartuko gara.

Gaur, apirilak 13, Plaza Barrian Ortzadar fanfarrearen erromeria baino lehen, 18.30ean, Kukai taldeak “Gelajauziak” aurkeztuko du, dantza garaikidea eta tradizionala uztartuta.

Azkuna Zentroan, bere aldetik, aspaldiko Urkok kantaldia eskainiko du, 20.00etan.

Bihar, apirilak 14, “Etxean goxo” haurrentzako txotxongiloak izango dira Azkuna zentroan 12.30ean.

Iluntzean berriz, Jira musikaren erromeriaren ondotik, “Gernika”, bonbardaketa oroitzeko ikuskizuna Plaza Barrian, 21.00etan.

Etzi, apirilak 15, Guggenheim museo inguruan (12.00etan eta 18.00etan), Gaztedi taldeak dantza herrikoiak dantzatuko ditu eta Crazy Hospitalek break dance-a trikitiarekin uztartu.

Gauean, 22.00etatik aurrera eta Kafe Antzokian, rock & roll ikuskizun bikaina, The Lookers eta Sex Museumen eskutik. Azken hauek 30 urtemuga ospakizuna dute.

Etzidamu, apirilak 16, euskal erromeria izango da Artxandan eguerdian, sagardo dastatze eta guzti.

Ordu berean, 12.00etan, Areatzan baserriko jolasak izango dira, adin guztientzat; tartean, igel-jokoaren eta euskal birla-jokoaren txapelketa.

Gogoratu, ikuskizun eta tailerretaz gain (haurrek pilotak, xisterak eta beste egiten ikasteko), euskal elikagaiez gozatzeko dastatze guneak ere izango direla jaialdiak iraun bitartean.

Ikusi egitarau osoa hemen

Basque Fest, proposamen bikoitza eguneko