Bizkaiko emakumeek partaidetza handia izan dute Mahalak babestu duen Pentatloian

Aurten jokatu da lehenengo aldiz Emakumezkoen Euskal Pentatloi Txapelketa. Banakakoa eta binakako jokatu dira eta adierazgarria da emakume hauen artean bizkaitarrek izan duten presentzia.

Ekainean jokatu zen Binakako Emakumezkoen Pentatloi saria eta 3 bikote ziren parte hartzekoak: Luzia Orbe eta Garazi Arruti, Karmele Gisasola (Zelai III) eta Uxue Ansorregi eta Claudia Lucia Muñoz eta Julia Martinez.  Azkenean azken bikoteak ez zuen parte hartzerik izan eta Luzia Orbe eta Garazi Arruti bikotea izan zen garaile.

Saria irabazi berritan oso pozik agertu ziren Orbe eta Arruti Naiz komunikabiean adirazi zutenez. Onartu zuten «oso urduri» jardun zirela eta horren erruz, zenbait akats egin zituztela. Aizkoran are gehiago urduritu zirela ere adierazi zuten eta hor aurkariak hurbildu egin zirela. Nolanahi ere, ezin izan zuten denbora irauli “Zelai III.a” eta Ansorregik. Hauek penatuta agertu ziren. «Amorratuta», Uxue Ansorregik ondo zehaztu legez. Hala ere, lanak bukatzeagatik harro ere sentitu ziren.

Banakako emakumezkoen pentatloia
Banakako emakumezkoen pentatloiko partaideak

Irailean jokatu zen Banakako Emakumezkoen Pentatloia eta kasu honetan binaka izan zirenetatik 3 partaidek berriro parte hartu zuten. Banaka, ausardia handiagoz oraingoan: Luzia Orbe, Garazi Arruti eta Karmele Gisasolak izan ziren partaideak eta Karmele izan zen garaile. Oso argi esan zuen Berria egunkarian egin zioten elkarrizketan «Sekula plazaratzeko aukera izan ez zuten emakumezkoena ere bada txapel hau: adibidez, nire amonarena. Ea hau mugarria den emakumezko gehiago animatzeko».

“Luciak eta Garazik sekulako meritua dute, batez ere Luciak, otsailera arte ez baitzekien zer ziren herri kirolak. Eta oso lan ona egin zuen. Baita Garazik ere. 50 kilo bakarrik pisatzen du. Ez dakit beste inor ausartuko litzatekeen pisu horrekin.” Gehitu du bere esaneta Karmelek.

Oso txapelketa berria da eta oraindik oso jende gutxik daki honen berri. Aurtengoa erakuslehio baten modura ikusi du Karmelek eta ea emakume gehiagoren parte hartzea nola ikusiko luken galdetu ziotenean honela erantzun zuen Berria egunkarian: “Bai, noski, baina banakako pentatloiak urtebeteko prestaketa eskatzen du. Gu iaz hasi ginen aizkoran, eta, gero, giza proban. Nire ustez, aurtengoa erakusleihoa izan da emakume gehiago anima daitezen. Jada etorri zaizkigu batzuk galdezka. Badut itxaropena datorren urtean binakakoan beste lehiakide batzuk ariko direla.”

Esan daiteke beraz, interesa piztu duela kirol honek hainbat emakume kirolariren artean eta datozen denboraldietan emakumeen parte hartzea gehitu daitekela.

Aurten 25 urte bete dira Mahalan lehen gazta egin zutenetik eta nolabait ospatze aldera,  Euskal pentatloi taldeak antolatu dituen ekimenen babesle nagusi bihurtu da. Gauza jakina da baserri inguruan eta batez ere baserriko lanari lotuta sortu ziren desafio, norgehiagoka eta erronkak denboran zehar kirol erakustaldi edo kirol apustu bihurtu direla. Euskal Pentatloi Taldeak nolabait jakin izan du tradizio honi garaietara egokituz ukitu berri bat ematen. Mahalak ere baserrian beti egin izan den produktuen lantze, eraldatze eta merkaturatze lana oinarri hartuta bizi garen garaietara egokitzen lan handia egin behar izan du eta hor dago nolabait bien arteko lanaren eta filosofiaren elkarbanatzea. Bertako kultura eta kirola babesten egiten duen lanaren beste keinu bat izan da hau ere.