Pagotxa RZk: Croque-monsieur (mixtoa)

Pagotxa RZk: Croque-monsieur (mixtoa)

GEURIA MERKATUA babesle duen PAGOTXA RZk atariak astero-astero errezeta bat ekarriko digu leiho honetara. Asteon… mixtoa!

Asteburu honetarako, parranda osterako ezin aproposagoa den sukalde laster errazaren adibide bat.

On egin!

.

‹Croque-monsieur (mixtoa)›

.

Marcel Proust berak ere aipatzen du otarteko bero hau: «Kontzertu irteeran, hotelera bidean, amonak eta biok geldialdi bat egin genuen kai muturrean Villeparisis andrearekin hitzaspertu bat egiteko, zeinak erran baitzigun hotelean eskatuak zituela guretzat croque-monsieur zenbait eta arrautzak krematan ere bai…». Zu ez zara Proust baino gutiago izango, ez da?

.

Pagotxa RZk: Croque-monsieur (mixtoa)

Osagaiak:

  • Moldeko bi ogi xafla
  • Urdaiazpiko egosi xerra bat
  • Urtzeko gazta xerra bat (ahal dela, emmental motakoa edo antzekoa)
  • Gurin apur bat

.

Errezeta:

  1. Txapan gurin apur bat zabalduta egitea da egokiena, baina, gure antzera, txaparik ez baduzu, igurtzi zartaginaren hondoa gurinarekin eta jarri su ertainetan.
  2. Berotutakoan eta gurina iluntzen hasi aurretik, jarri ogi xafla bat bertan eta gehitu gazta eta urdaiazpiko xerrak, bigarren ogi xaflarekin.
  3. Utzi bost minutu inguru ogia zeure gustura xigortu arte.
  4. Gauza bera egin beste aldera iraulita, behin gurin apur bat gehiturik hondoan.
  5. Zeure gustuko kolorea hartu duenean, atera plater batera eta erdibitu diagonalean.

 

Kasu!

Guk krokmesié bakarra jarri dizugu hemen, baina pare bat ere erraz jango dituzu. Aldagai asko onartzen ditu croque-monsieur ogitarteko honek, xerra bakarraren lekuan, gehiago ere jar dezakezu, esaterako. Hotza ere jan liteke… Rukula entsalada bikain etortzen zaio. A, eta Croque-madame bat jan nahi baduzu,  gehitu arrautza bat gainetik eta kito.

Pagotxa RZk: Croque-monsieur (mixtoa)