Pagotxa RZk: Marmitakoa

Pagotxa RZk: Marmitakoa

GEURIA MERKATUA babesle duen PAGOTXA RZk atariak astero-astero errezeta bat ekarriko digu leiho honetara. Asteon, eta Pagotxa RZk atariko sortzaile Hasier Etxeberria gogoan, marmitakoa.

‹Marmitakoa›

Pagotxa RZk: Marmitakoa

.

Osagaiak

  • Atunaren azalak eta hezurrak, kg erdia inguru
  • 8 koilarakada handi oliba olio birjina estra
  • 2 azenario, xerretan moztua
  • 2 baratxuri ale
  • Tipula bat, zatitua
  • Porru bat, zatitua
  • Ura
  • Pipermorro gorri bat
  • 2 piper berde
  • Uretan beraturiko 2 piper txorizeroen mamia
  • Tipulin bat, pikatua
  • 4 patata eder
  • Katilukada bat tomate saltsa
  • 400 g atun, dadotan moztua
  • Perrexil xehatua
  • Gatza

.

marmitakoa - sukaldean.com - xolomo sapiensErrezeta

  1. Salda egiteko: Kazola batean, 2 koilarakada oliotan, su bizian eztituko ditugu azalak eta hezurrak, eta barazkiak gaineratuko ditugu ondoren, baratxuri ale bakarra, zurituta. Urez oparo estali, gatza eman eta 15 minutuan eduki dezagun guztia irakiten. Iragazi.
  2. Marmitakoari segida emateko, su eztian betiere, 4 koilarakada oliotan beratuko ditugu 5 minutuz piperrak eta tipulina, ongi pikatuak.
  3. Beste baratxuri alea xehatua erantsi eta biraka eragin guztiari, zuritu, pobreen moduan puskatu eta barazki hondo horretan edukiko ditugu minutu batzuetan beratzen.
  4. Tomate saltsa erantsi eta beste minutu batzuk edukiko dugu guztia gozatzen.
  5. Ondoren, oparo estaliko dugu guztia aurrez egindako saldarekin. Gatza eman eta su eztian edukiko dugu kazola, patata puntuan eta xamur egon arte.
  6. Bukatzeko, padera batean 2 koilarakada olio ipiniko ditugu eta ongi berotu ondoan, atun dadoak salteatuko ditugu hartan. Bizkor egin behar da hau, arraina lehor ez dadin.
  7. Patata saldan irauliko dugu ondoren hegaluzea. Gatz puntua neurtu eta zuzendu ondoan, perrexila hautseztatuko dugu gainean.
  8. Berehala zerbitzatu behar da, lehortu egingo baita atuna berotasunean luzaro egonez gero.

 

Kasu

Barazkiak sueztitzen ari garenean, mina ere erants diezaiokegu, pipermina esate baterako. Atunen garaitik kanpora, marmitakoa ere egin ahal izango dugu modu berberean beste arrai batzuk erabilita: izokin freskoa, berdela, txitxarroa eta xapoa bera ere.

Xolomo Sapiens zuen 60 urte betetzear minbiziak jota zendu den Hasier Etxeberriak ezizen gastronomikoa, eta berea du gaur aurkezgai dugun marmitako errezeta.

PAGOTXA RZk, gazteek modu errazean sukaldean egin zezaten pentsatutako proiektuaren sortzaile, gastronomia munduan lan handia egindakoa da Etxeberria; besteak beste:

ETBn: Zopa haundi, Lapikoka, 14 Euskal sukaldari (Argiñanoren lehen lana) Janedanak (13 dokumental), Sukalde maisuak (Sei dokumental: Arzak, Atxa, Andoni Luis, Subijana, Arbelaitz, Berasategi).

Liburuak: Sukaliztegi partikularra (Egin), Erabateko sukaldea (Julian Bereziartu eta luis Irizarrekin. Ttarttalo), Gipuzkoako sukaldea (Berasategirekin. Kutxa), Sukaldean/A cocinar (D. de Jorgerekin. Lur), Clorofila (Andoni Luis, Unai Ugalde eta Sanchez-Ostizekin. Mugaritz), Porca memoria (D. de Jorgerekin. Rba),…

Sukaldean proiektuan, liburuaz gainera, app eta webguneak badaude, Sukaldean.com eta Sukaldean.eus errezetategiak itzelak dira, euskaraz MILA errezeta baino gehiago dituztenak…

Guía Repsol-erako ere idatzi du azkenaldian: Juan Mari Arzak: un profeta en su tierra, Lágrimas de no llorar, Eneko Atxa, la búsqueda obsesiva del sabor, En busca de la sopa (de pescado) perdida, La historia de Oiangu Baserria, el caserio rescatado por cuatro cocineros noveles.

Hitzaldiak gastronomiaz eta jatunkeriaz, etab. luzea…

Pagotxa RZk: Marmitakoa
@ArzakRestaurant-ek bidalitako twitterreko argazkia “Gogoan izango ditu sukaldaritzak bere lanak. Besarkada bat familia guztiari. Goian bego Hasier Etxeberria” mezuaz.
Pagotxa RZk: Marmitakoa