Zegamako Erlezain Eguna

Zegamako Erlezain Eguna

Joan den igandean ospatu zen Zegamako Erlezain Eguna, urtero Gipuzkoako Ezti txapelduna aukeratzeko baliatzen duten hitzordua.

Geuria Merkatuan produktu naturalen, eta zelan ez, eztizale amorratuak garenez, Goierriko Hitzaren lizentzia librea baliatu dugu bertan argitaratutako kronika moldatu eta zuoi aurkezteko.

Zegamako Erlezain EgunaEguraldi bikaina lagun, jende asko batu zen Zegaman, eta Agustin Zabala hernaniarrak irabazi zuen eztigile onenak janzten duen txapela. Bigarren saria Ramon Lopategi tolosarrarentzat izan zen, eta hirugarrena Bittor Murgiondo mutiloarrak. Publikoaren saria, berriz, Segurako Ageda Zeberiok eskuratu zuen, bertara bildutakoek lehiaketako zazpi ezti onenak dastatu ondoren.

Erlezain eguneko ekitaldi nagusia izaten da Gipuzkoako Ezti Txapelketa. Ez bakarra, ordea, egun osoan zehar hainbat ekitaldi egon baitziren. Festa txistularien kalejirarekin hasi zen. Ordu berean, artisau azoka ireki zuten. Lore erakusketa eta salmenta egon ziren, Jakoba Errekondok loreen erabilpenei buruzko azalpenak eman zituen eta Gipuzkoako gozogile onenek beraien produktuak erakutsi zituzten.

Gainera, goiz osoan zehar erleak eta beraien ekarpenari buruzko panelak ikusteko aukera egon zen, Rafa Gorrotxategik eztizko karameluak egin zituen artisau erara eta Aitxuri herri eskolako haurrek erlea gaitzat hartuta egindako marrazkiak ikusteko aukera egon zen. Haurrentzako kandela tailerra eta gozoki dastaketa ere egon ziren.

Arratsaldean Erlearen Bila orientazio jolasa egin zuten Anduetza parketxean eta bertsolari jaialdia egon zen Aitxuri herri eskolako gimnasioan.

.

Erlezain elkartea, «pozik»

Gipuzkoako Erlezain Elkarte-koak pozik ziren egunaren balorapena egiterakoan. “Aurten beste ikuspuntu bat eman nahi izan diogu Erlezain Egunari. Aurreko urteetan produktuei eman diegu protagonismoa eta aurten erleak eta erlezainak izan dira protagonistak. Polinizazioan duten garrantzia azpimarratu nahi izan dugu”, aipatu zuen Amaia Aierbe, elkarteko teknikariak.

Hori dela eta, barazkigintza ekologikoak bere tokia izan zuen. “Barazkigintza ekologi- koaren onurak azpimarratu ditugu, ez baitituzte erleei horrenbeste kalte egiten dien pestizidak erabiltzen”.

Erlezainen lana ezagutzera emateko festa egun bat antolatu nahi zuen elkarteak, “eta udal ezberdinekin harremanetan jarri ginen. Zegamakoa berehala prest agertu zen eta, hala, urtero bertan antolatzen da Erlezain Eguna”.

Zegamako Erlezain Eguna