Bilboko Triatloiak, berrikuntza ugari

Bilboko Triatloiak, berrikuntza ugari –

Bilboko Triatloia jokatuko da bihar, urriak 5, berrikuntza ugari izango dituen kirol froga.

  • Bilboko Itsas Museoko zabalgunea izango da probaren gune nagusia.
  • Igeriketa-ibilbidea Zorrotzaurre irlaren inguruan egingo da.
  • Bizikleta-zirkuituak desnibel metatu handiagoa izango du, eta Elorritxuetako gaina (El Vivero) izango da protagonista.

Bilboko Triatloiak, berrikuntza ugariUda ostean itsasadarreko ura maiatzean baino 4º C beroagoa egongo dela-eta, urriaren hasierara aldatu da froga, eta bihar jokatuko da, urriaren 5ean. Parte-hartzaileek aldaketa hori eskertuko dute, klima aproposagoa izango baita mota honetako probak egiteko.

Data gorabehera, gainontzeko berritasunak probaren ibilbidearekin dute zerikusia. Oraingoan, Bilboko Itsas Museoko zabalgunean (Ramon de la Sota kaian) kokatuko da gune nagusia, boxak, alegia. Gainera, parte hartzaileen nahiz ikusleen irisgarritasuna eta erosotasuna hobetze aldera, zerbitzu guztiak zentralizatzeko box bakar bat jarriko da.

Berrikuntza horrek beste hainbat aldaketa ekarriko ditu, funtsean, zirkuituen diseinu berria. Aurten ere, antolatzaileen helburua Bilbo berria ezagutaraztea da. Hori dela eta, igeriketa-sektorearen irteera eta helmuga Bilboko Itsas Museoko zabalgunean kokatuko dira. Itsasadarrean egindako obren ostean, eremu horretan hartutako ur-laginen azken analisien arabera, Espainiako Triatloi Federazioaren araudia betetzen da. Horrek esan nahi du, duela zortzi urte egin zen bezala, kirolerako eta aisialdirako eremu berri bat zabalduko dela hirian, non, ur-analisien emaitzak nabarmen hobeak izateaz gain, marea biziak eta marea beteak daudenean igeriketa-proba egiteko baldintzak hobetuko diren.

Era berean, ibilbideen diseinu berriak eraginak izango ditu bizikleta-zirkuituan. Berritasunak egongo dira, nahiz eta betiko ezaugarri nagusiei eutsiko dien. 42 kilometroko itzulingurua Itsas Museoan hasi eta amaituko da. Beti bezala, Elorritxuetako (El Vivero) gaina igoko da, baina malda metatua jatorrizko zirkuituan baino handiagoa izango da. Aldaketa horiei esker, segurtasun handiagoa egongo da bizikleta-sektorean, eta zirkulazioan kalte gutxiago eragingo dira.

Oinezko zirkuitua itsasadarraren alboko ibilbideari birak emanez egingo da. Korrikalariak hiriko lekurik garrantzitsuenetako batzuetatik igaroko dira hiriaren erdigunean egongo den helmugara iritsi baino lehen.

Aurten gainera, distantzia bakoitzerako proba federatuarekin batera, open proba bat egongo da, eta federazioaren lizentzia eskuratu ez dutenek parte hartu ahal izango dute bertan. Berrikuntza horiei guztiei esker Bilbon sekulako kirol-festa ospatuko dugu triatloiaren inguruan.

.
www.bilbao.eus ataritik moldatutako berria.
Bilboko Triatloiak, berrikuntza ugari