Jokin Arrospide (Mahala): “Gertukoa gerturako, horixe dugu xede”
Ordura arteko esne bilketa sistemarekin gustura ez eta esnea inori saldu beharrean esnekiak ekoiztea deliberatu zuen Jokin Arrospide baserritarrak 1996an, artean hogei urte gazteagoa zela. Geroztik gauzak asko aldatu dira Leaburuko Mahalan, eta egun baserriaren izena ezaguna da Euskal Herri osoan, bertan ekoizten dituzten produktu naturalei esker.
Mahala baserriko Jokin Arrospiderekin hitz egin dugu, Bilboko Zazpikaletan duten Geuria Merkatua denda aitzakia hartuta.
Duela hogei urte, Mahala produktuekin hasi zenean, ordura arteko lan egiteko moduaz gustura ez eta “betiko erara bueltatu behar genuela pentsatzen genuen -diosku Arrospidek-; gure gurasoek eta egiten zutena egitera, baserrian ekoiztu eta kontsumora ailegatu”. Bide horretan, azoketan ibili eta dendetara saltzen du Mahalak, “ahal den guztia guk egiten dugu. Eta orain arteko esperientziarekin, orain hiruzpalau urte… zergatik ez denda bat ireki? galdetu genion geure buruari”.
Gaur egunera arteko bidea:
Pentsatu eta egin. “Ikusirik denda txikiak indarra galtzen ari zirela… Bilboko denda irekitzera ausartu ginen, nahiz eta jakin zein zailtasun izango zituen horrek”.
«Merkatua era handian lan egiteko egituratuta dago, eta horregatik joan dira bakarrik supermerkatu handiak gelditzen eta denda txikiak ixten».
“Ikusi genuen, zailtasunekin bazen ere, posible zela denda irekitzea, gure izaera guztiarekin”. Izaera aipatzen duenean baserria hitzak bere baitan gordetzen dituen balio guztiak hartzen ditu kontuan Arrospidek. “Kulturari garrantzia emanez, Euskal Herriko produktuak salduz eta hizkuntzari dagokionean euskaraz eginez, gure hizkuntza baita. Ardatz horiek aintzat hartuta ireki genuen Bilbon Geuria Merkatua”.
Askao kaleak Unamuno plazarekin bat egiten duen tokian dago Geuria Merkatua, Bilboko Zazpikaletan, eta bertan saltzen diren elikagaien %99a Euskal Herrian ekoitzitakoa da -heren bat Mahalako produktuak dira-. “Bertakoak bertan saltzeko asmoz sortu zen Mahala eta bide berdina daramagu dendarekin ere”.
Denda bat Bilboko bihotzean:
Hirugarren urtea egitera doa Geuria Merkatua, eta orain arte egindako bidearekin gustura agertu da Arrospide, zailtasunak zailtasun. “Nahi ezta ere supermerkatu handien politikaren `beste aldetik´ gaude, horrek esan nahi duen guztiarekin. Guk ekoizleari berak eskatutako prezioan erosten diogu, eta supermerkatu handiek berriz %5-10eko beherakada derrigortuarekin; guk ez dugu egiten horrelakorik. Baina irauten dugu eta gauza berriak egiteko asmoarekin gabiltza. Ea aurrera ateratzeko gai garen!”.
«Krisiak, nagusiki, gehiengo batek diru gutxiago izatea egin du, baina kontzientzian irabazi egin dugu. Denok gara jabe non gauden eta zer egitura behar dugun».
Geuria Merkatuak lehengo moldeko denda izan gura du, betiko jaki denda. “Gure nahia eguneroko dinamikan ahalik eta efikazenak izatea da, produktuen freskotasuna zainduta. Gure produktua gertukoa eta gerturako egitea dugu filosofia, eta gure gertutasuna Euskal Herria da”. Beraz, euskal baserritarren elikagaiak dituzte salgai.
.
Mahala
Egun esnekiak ekoizten ditu Mahalak, jogurtak, gazta freskoa, mamia, natillak, arrozesnea… baita behikiak eta txerrikiak ere. Eta izozkiak dira merkaturatu dituzten azken produktuak: “Asko gustatu dira”, Arrospideren esanetan.
“Baserriko oinordeko nintzela, pentsatzen nuen esne behiekin bakarrik ezingo genuela aurrera egin. Bagenuen behi kopuru bat, instalazio txukun samarrak… eta pausuak ematen hasi ginen. Lehenengo gaztak egiten hasi, jogurtak jarraian… gero haragitarako instalazioak egin genituen, duela hiru urte denda bat ere sortu dugu. Prozesu guztia geuk eramaten saiatzen gara: ekoiztu, transformatu eta komertzializatu. Baina ez zitzaigun burutik pasa ere egiten egungo baserri hau; amets bat egia bihurtu dena”. Garapen horrek, formazio eta antolakuntza aldetik ondo egituratutako 25 lagun inguruko lan taldea izatera eraman du Mahala.
«Hasi ginenetik ulertu izan dugu baserriaren eginkizuna produktu ahalik eta naturalena egin, ingurua zaindu eta kontsumora produktu osasuntsuak entregatzea dela».
Baina elikagaietatik aparte, gure herriko makina bat ekimen babesteagatik ere bada ezaguna Mahala. “Batez ere azken urteotan, jasangarritasun bat lortzen ari garen bezala, garrantzia dezente eman diogu gure kulturari bultzada emateari; hizkuntzari, herri kirolei… iruditzen zaigulako nahiko gutxi egiten dela, eta egin behar dela. Mahala, posibilitateak dituen neurrian, horrelako ekintzei laguntzeko dago”.
“Sentimendu kontua da”, laburtzen du Arrospidek, irribarrez adarra jotzen bukatu baino lehen: “Gu baserritarrak gaituk hi! Horregatik diagu odola beroagoa (kar, kar, kar)”.