Pagotxa RZk: Almandrongilak edo albondigak tomate saltsan

Pagotxa RZk: Almandrongilak edo albondigak tomate saltsan –

GEURIA MERKATUA babesle duen PAGOTXA RZk atariak astero-astero errezeta bat ekarriko digu leiho honetara. Asteon… albondigak!

Almandrongila hitzaren fan sutsuak garela esan behar dugu, badu zerbait ezta? Albondiga, Meatball, Boulette edo Haragi-bola. Jakiaren fanak ere bagara. Bokatan ere primerako gozatua da! Horixe, etorriko gara bueltan urte berriarekin, RZ sofistikatuagoekin agian? Hasia zara ta gauza ondo eginen zaporea gozatzen… Bai, badakigu. Segi gozatzen, gozatu egun hauek eta on egin!

‹Almandrongilak edo albondigak tomate saltsan›

Pagotxa RZk: Almandrongilak edo albondigak tomate saltsan

Osagaiak

  • Behi-haragi xehatua, 750 g (txahala edo txerria ere izan liteke, edo biak nahasian)
  • Baratxuri eta perrexil xehatua, pixka bat
  • Ogi arraspatua, 2 koilarakada
  • Zorroko tipula zopa, zorro erdia
  • 2 baso ur
  • Baso bete tomate saltsa
  • 3 patata
  • Gatza

Errezeta

  1. Haragi pikatuari baratxuria, perrexila eta ogi arraspatua eman, baita gatza ere, eta behar den bezala oratu. Bolak egin, irinaz baliatuz, golfeko piloten tamainakoak.
  2. Oliotan frijituko ditugu, juxtu-juxtu axaletik egin daitezen. Frijitu eta gero, kazola batean uzten joango gara.
  3. Albondigak frijitu ditugun zartagin berean, olio gehiegi gelditu bada, pixka bat kendu, gelditzen den olioak doi-doi estal dezala zartaginaren hondoa, eta olio horretan tipula zoparen hautsak frijituko ditugu, su motelean.
  4. Txigortu baino lehenago, ura eta tomate saltsa gehitu eta egos dadila 5 minutuz. Gatza eman, beharrezkoa bada. Saltsa albondigak dauden kazolara isuri eta beste 15 minutuz eduki sutan, erabat egiteko. (Ikusten badugu lehor gelditzen direla albondigak ur gehixeago bota).
  5. Patata dado batzuk frijitu eta zerbitzatu baino lehen albondigetara bildu.

Kasu!

Albondigak egiteko nahasturari, egostean goxoago gera daitezen, esnetan blaitu eta gero pixka bat xukatutako ogi mamia eransteko aukera dugu, edo, agian hobe, txerri hanka egosi batzuk, hezurgabetuak eta txiki-txiki eginak. Haragi gordinarekin nahasi eta prozesua berdin egin. Olioari tipula xehatu bat ere gehitu diezaiokegu, su eztian frijitu eta bertara zorroko zopa hautsak bota. Emaitza honela ere on-ona izango da, baina neketsuagoa da lana. Bokatan ere primerakoa da!

Almandrongilak edo albondigak tomate saltsan